Izkiko Parke Naturala

  • Sorrera: 1998ko maiatzaren 4an Parke Natural izendatu zuten.
  • Hedadura: 9.143 hektarea.
  • Parkea osatzen duten herriguneak: Apinaiz, Antoñana, Atauri, Arluzea, Korres, Durruma Kanpezu, Maeztu, Markiz, Kintana, Urarte, Urturi eta Birgara.
  • Sarbideak: Gasteiztik etorriz gero A-132 errepidea dugu sarbide nagusienetako bat, hots, Azazetako Mendatetik Maezturantz abiatuta. A-126 errepidetik ere iris daiteke, Bernedorako bidean.
  • Altitudea: Parkeko gunerik altuena Kapildui mendiko tontorra da, 1175 metrorekin. Punturik baxuena, berriz, Bujandari dagokio, 600 bat metrorekin.

-DESKRIBAPENA

Izkiko Parke Naturalak paisaia aniztasun ikaragarria biltzen du bere 9.143 hektarea guztien artean. Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren parke natural handiena da. Azpialdean hondarrezko kubeta ikaragarri zabala dago, goialdean kareharrizko mendi batzuek inguratuta eta mugatuta. Mendi horietako zenbaitek, hala nola Durruma Kanpezuko Muela mendiak edo Soilak, haitzarte handi eta ikusgarriak erakusten dituzte. Bai tontor hauetatik bai San Justitik, San Cristobaletik edo Kapilduitik, bista panoramiko izugarriak daude.

-Landaretza

Funtsean Izki basoa eta haitza dela esan daiteke. Basorik esanguratsuena ameztia bada ere (ametzek ?quercus pyrenaica? osatutako Europako basorik handienetako bat da), Izkiko mendietan beste zenbait baso sakabanatzen da: pagadiak, artadiak, altzadiak, erkameztiak, urkidiak (Euskal Herriko handiena bertan dago), baso mistoak, lertxundiak, hariztiak eta abar.

Soila mendiaren magalean hainbat arrazoi direla kausa "Aparteko Zuhaitz" izendatutako hagin bat (Taxus baccata) eta ezki bat (Tilia platyphylos) daude.

Zenbait erreka txikik harana zeharkatzen dute: Izki errekak, Molino errekak eta Berrón errekak, beste txikiago batzuekin batera. Gune batzuetan ura azaleratzen da eta putzuak nahiz zohikaztegiak sortzen dira. Hezegune horietan anfibio eta hegazti aipagarri ugari txilinporta txikia, murgil handia eta abar azaltzeaz gain, balio handiko lore sorta ederra ere ikus daiteke, besteak beste nenufar zuria eta landare karniboro anitzak.

-Fauna

Izkiko zeruetan hegazti ikusgarriak dabiltza hara eta hona, baso zabalen gainetik: arrano beltza, belatz handia, sai zuria eta sai arrea. Hauek guztiek Izkiko kareharrizko amildegietan egiten dute habia.

Goialdeko larre zabaletan behiak, behorrak eta ardiak elikatzen dira. Bertan gizakiaren presentzia nabari daiteke. Parkearen barrualdeko herrigune bakarra (jendea bizi dena, behinik behin) Erdi Aroko kutsua duen Korres dugu.

Izkik oso fauna anitz eta ugaria du: Parkeko espezierik bereziena okil ertaina (Dendrocopus medius) da, zeren Izkiko ameztiek penintsula osoko kopururik handienetako bat gordetzen baitute. Oro har hartuta 151 ornodun ezberdin aipa ditzakegu (mirotz urdina, zapelatz liztorjalea, basurdea, lukia, azkonarra, baso-igel jauzkaria, martin arrantzalea ...).

-Ibilbideak

Parkearen barruan 15 ibilbide edo bidexka markaturik daude, bertan murgiltzen diren guztiek hango fauna eta flora goza ditzaten.

Parkeko informazio-gunea Korresen dago, hau da, parkearen barrualdeko herri bakarrean. Bertan informazio eta material guztia (ibilbideak, araudia...) aurkitu ahal izango dugu. Merezi du Korresen txangoa egitea, zeren Erdi Aroko jatorrizko diseinua gorde baitu, kale estuekin, errekak eskainitako lubaki naturalarekin eta zubiarekin.

Informazio gehiago gura izatekotan jo ezazue Korresen dagoen gunera:

  • Telefonoa/faxa: 945410502
  • Emaila: parqueizki@parquesalava.net